XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SARRERA

Urtero-urtero ekainean, auzo guztietako ume eta gazteak egur, altzari zahar eta su har dezakeen edozer biltzen saiatzen dira.

Eskuratutako guztia pilatu leku batean eta zaindu egiten dute inork eraman ez dezan.

Ekainaren 24aren bezperan San Joan gaueko sua prestatzen ari dira.

Gau horretan hainbat herri eta auzotan milaka su izaten da.

Ume eta helduak suari begira egoten dira itzaltzen den arte.

Zenbait lekutan festa egunsentirarte luzatzen da.

Udako solstizioa (urteko egunik luzeena eta gaurik laburrena) ospatzen da.

Garai horretan natura oparo, gainezka, egoten da eta bizia nonnahi ugaltzen da.

Sua eta beste errito batzuk gure omenaldia Naturari eskaintzeko bidea izaten da.

Aspaldi-aspaldiko tradizioa da; guregana heldu den bakanetakoa.

Euskal Herritik Kataluniaraino, Pirinioen bi aldeetan hainbat sineskizun, mito, kondaira, tradizio eta abarrek mendetan zehar iraun du.

Are gehiago, Pirinioetako inguruan historia eta kondairetarako berebiziko zaletasuna dagoela ere esan daiteke.

Ahoz aho gurasoengandik seme-alabengana igaro dira.

XIX. mendearen bukaera arte ia inork ez zituen historia eta kondaira horiek bildu eta idatzi.

Euskal Herrian eskertzekoa da Webster, Azkue, Vinson, Caro Baroja, Satrustegi, Garmendia... eta batez ere Jose Migel Barandiaranek egindako lana.

Hauek abiada bizian galtzera zihoan Euskal Herriko eta Pirinioetako mitologi ondarearen zati handi bat berreskuratu dute.

Dena den, Pirinioetako inguruneak azkenaldian aldaketa ikaragarriak izan ditu.